Mitologia

Antzina-antzinatik heldu zaizkigu bizi garen lurraldeko arbasoen mundu zahar eta paganoa iradokitzen duten elezahar, ipuin eta abesti ugari. Euskarak mito eta elezaharren aberastasun handia gordetzen du, zeinak jainko eta izaki magikoen kosmogonia bat osatzen baitu. Izaki horiek, batez ere, gure lurretako paraje naturalei lotzen zaizkie: Jentilak bizi diren basoak, Sugaarrek lo egiten duen haitzuloak, edota guztien gainetik dagoen Mari jainkosaren bizileku diren mendi itzelak: Mari, suzko forman, Ama Lurraren errepresentazio gorena, zuzentasuna saritu eta gizabidearen aurkakoak zigortzen dituena.

Gure arbasoak sinesmen mitologiko horiekin bizi ziren, eta galdera existentzialei erantzuteko erabiltzen zituzten. Inguruko fenomeno edo elementu oro sakratua zen, eta guztiak zuen izena. Hortik dator euskaldunok ezagutzen dugun esaldia: “Izena duen guztia bada”.

Sinesmen horiek agerian jartzen dute, halaber, erlijio matriarkala, Ama jainkosa autoritate gorentzat zuena. Ikuskera hartan, bizia ematearen misterioa zen enigmarik handiena. Lurra eta kreazio osoa Ama jainkosaren substantzia berarekin eginak zeuden: horixe da munduko kultura guztien jatorrizko mitoa. Gerora, dibinitate maskulinoak ordezkatu zuen, eta, hala, desakralizatuz joan zen natura edo bizia batasun oso gisa hartzen duen ikuskera.

Sekulako zortea daukagu, gure mitologiaren bitartez sinesmen haien oihartzun txiki bat iritsi baitzaigu. Iratiren bitartez, omendu egin nahi dut, bizirik mantenduz munduko sinesmen guztien Amari zor zaion lilura eta begirunea.

Ekoizpena

Irati Espainian azken urteetan egin den pelikula anbiziotsuena da, bai ekoizpenaren neurriagatik, bai eta genero fantastiko-epikoko film bat egiteko apustuagatik ere. Estatuan ez da inoiz lehenago egin Erdi Aroan girotutako “ezpata eta sorginkeria” generoko pelikula fantastikorik.

Pelikulak ditu batailak, eszenatoki ikusgarriak eta ekoizpen-diseinu anbiziotsu bat, eta hori lortzeko hainbat erakundek eta telebistak eman dute laguntza, hala nola ICAAk, Eusko Jaurlaritzak, EITBk, RTVEk, Arabako Foru Aldundiak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Paul Urkijoren talentuaz gain, lehen mailako lantalde teknikoak hartu du parte, haietako asko Goya saridunak. Horrek ekoizpen anbiziotsu honen kalitatea bermatu du.

Postprodukzio fasea ere anbiziotsua izan da, Filmak VFX (efektu berezi) ugari baititu: izaki mitologikoak, hala nola Sugaar erraldoia, Basajaun misteriotsua edota Mari suzko jainkosa boteretsua, Itziar Ituñok antzeztua. Horiez gain, efektu meteorologikoak ere sartu dira, eta garaiari egokitzeko ezabaketak zein eraikuntza historikoak.

Halaber, musika-konposizio zirraragarria dauka, eta Dolbi Atmos soinu-edizio txundigarria. Irati esperientzia epiko bat izateko egina dago.

Iratik tokiko kondairetan du jatorria, baina nazioarteko izaera du, eta gure nahia da munduko etxe guztietara iristea.