Zuzendariaren memoria

Irati beti kontatu nahi izan dudan pelikula historiko-fantastikoa da, Erdi Aroan girotua. Beti liluratu izan nau euskal mitologiak, eta kondairazko mundo ilun eta liluragarri horri egindako omenaldia da Irati. Horretarako, modu librean inspiratu naiz J. L. Landa eta J. Muñozen El Ciclo de Irati nobela grafikoko pretsonaietan eta, halaber, euskal kondaira eta gertakari historikoetan, hala nola Orreagako batailan.

Istorioaren protagonista Eneko izeneko noble gazte bat da, zeinak ibarjaun izateko balio duela erakutsi beharko baitu, bere aitak erakutsi zuen bezala. Hori lortzeko, antzinako izaki mitologikoz beteriko mundu bitxi eta misteriotsu batean murgildu beharko du, eta horretarako ezinbestekoa izango du Irati izeneko gazte pagano baten laguntza.

Enekok eta Iratik mundu eta sineskera desberdinak dituzte, bakoitzak bere egitekoa eta zoria du. Bien bideak elkartzen dituztenean, zalantzan jarriko dira haien patuak, eta aukeratu egin beharko dute: zer egin behar duten eta benetan zer egin nahi duten.

Pelikula VIII. mendeko euskal Pirinioan girotuta dago. Erdi Aroko garai ilun baina liluragarri horretan, erlijio hegemonikoak (kristautasuna eta islama) aurrez aurre daude, borrokan, eta sinesmen paganoak desagerrarazten ari dira, naturari loturiko izaki ezkutuekin batera. Mundu horretan, euskal esaera zaharrak dioen moduan: “Izena duen guztia bada”.