Mitologia

Mitologia

Antzina-antzinatik heldu zaizkigu bizi garen lurraldeko arbasoen mundu zahar eta paganoa iradokitzen duten elezahar, ipuin eta abesti ugari. Euskarak mito eta elezaharren aberastasun handia gordetzen du, zeinak jainko eta izaki magikoen kosmogonia bat osatzen baitu. Izaki horiek, batez ere, gure lurretako paraje naturalei lotzen zaizkie: Jentilak bizi diren basoak, Sugaarrek lo egiten duen haitzuloak, edota guztien gainetik dagoen Mari jainkosaren bizileku diren mendi itzelak: Mari, suzko forman, Ama Lurraren errepresentazio gorena, zuzentasuna saritu eta gizabidearen aurkakoak zigortzen dituena.

Gure arbasoak sinesmen mitologiko horiekin bizi ziren, eta galdera existentzialei erantzuteko erabiltzen zituzten. Inguruko fenomeno edo elementu oro sakratua zen, eta guztiak zuen izena. Hortik dator euskaldunok ezagutzen dugun esaldia: “Izena duen guztia bada”.

Sinesmen horiek agerian jartzen dute, halaber, erlijio matriarkala, Ama jainkosa autoritate gorentzat zuena. Ikuskera hartan, bizia ematearen misterioa zen enigmarik handiena. Lurra eta kreazio osoa Ama jainkosaren substantzia berarekin eginak zeuden: horixe da munduko kultura guztien jatorrizko mitoa. Gerora, dibinitate maskulinoak ordezkatu zuen, eta, hala, desakralizatuz joan zen natura edo bizia batasun oso gisa hartzen duen ikuskera.

Sekulako zortea daukagu, gure mitologiaren bitartez sinesmen haien oihartzun txiki bat iritsi baitzaigu. Iratiren bitartez, omendu egin nahi dut, bizirik mantenduz munduko sinesmen guztien Amari zor zaion lilura eta begirunea.